Berriz sartutako hegaztien monitorizazioa

monitorizacion aguilas bonelli introducidas

 

Nafarroan, Araban, Mallorcan eta Madrilen sartutako hegaztiak monitorizatzea da jarduera honen xedea. Espezie hau kontserbatzeko bere jokaera, elikadura, hedatzeko tokiak, filopatria eta populazioen arteko elkarreragina ezagutu behar dira, besteak beste. Jarduera hau funtsezkoa izango da espezieko metapopulazioaren jokaera ezagutzeko datuak ateratzeko eta horiek oinarri hartuta, etorkizunerako jarduerak eta praktika onekoak prestatuko dira, espeziea kontserbatuko dela ziurtatzeko eta espeziea indartzeko.

 

Hegaztiak monitorizatzea planteatzen da proiektuan, eta monitorizazio hori giltzarria litzateke espeziea non hedatzen den eta zer habitat okupatu daitezkeen jakiteko, hau da, banako berriek zein gune huts kolonizatu ote ditzaketen ikusteko.

Sartutako hegaztien ezaugarrien ondorioz, hedatzeko fasean dauden hegazti gazteak, libre uzten diren tokitik lurralde berrietara mugituko direla espero da. Mugimendu hauen jarraipena eta monitorizazioa oso erabilgarria izango da mugimendu eremuak zein diren ikusteko eta geografikoki nahiko urrun dauden populazioetako banakoen artean harremanik dagoen ala ez ikusteko. Mugimendu hauen emaitzek ondoko populazioen egoera adierazi dezakete; egoera horren arabera, banako gazteek hedatzeko eremu hauek beraiek erabil ditzakete edo lurralde berriak edo hutsak kolonizatu beharko dituzte.

Era berean, hegaztiek azkenean aukeratutako lurraldeen ondorioz populazio gune bakoitzaren hedapen mailaren mapa berria izango dugu; horrela, bada, euren arteko harremanak ezagutu ahal izango ditugu eta espeziea mantentzea nahi badugu, etorkizunean arreta berezia zein tokitan izan behar den ere jakingo dugu.

Sartutako hegaztien mugimendua oinarri hartuta, beste eremu batzuetara bideratu ahal izango da sarrera hori, hala komeni dela ikusiz gero.

Beraz, jarduera hau eta A.1 jarduera oso lotuta daude. Aurrez esan bezala, hegazti mota honek jokaera lurraldekoia du, eta horren arabera, aurrez okupatutako lurraldeetan hegazti berriak sartuz gero, jokaera erasokorrak egoten dira, aurreko urteetan libre utzitako hegaztien ziklo biologikoa aldatu egiten da eta denboraldi bakoitzean libre uzten direnekiko jokaera erasokorrak agertzen dira.

Beraz, oso garrantzitsua da aurreko urteetan libre utzitako hegaztirik ez dabilen tokietan uztea libre hegazti berriak. Hori dela eta, libre uzteko guneak D1 jarduera honetan lortutako informazioarekin koordinatuta aukeratuz gero, urtero zehaztuko dira hegazti berriak libre uzteko kokapenik egokienak, aurrez libre utzitako gazteek ez dituztela kolonizatu kontuan izanda, euren arteko erasoak saihestuta eta libre uzteak arrakasta izateko aukerak hazita.

 

Monitorizazio hau egiteko moduari dagokionez, txita guztiei GPS satelite edo eguzki bidezko igorgailu batzuk jarriko zaizkie bizkarrean motxila motako arnes baten bidez (Beske, 1978)  plataforma habian jarri aurretik; tefloizko 0.5’eko tutu itxurako zintarekin eginda egongo da eta gilaren altuera distalean josiko da 5 punturen bidez (Ikus teknika hemen; Beske, 1978 eta Fernández et al. 2004). Ingurumen Ministerioko teknikari espezialista batek instalatuko die GREFAko itxian hazteko zentroan; beraz, igorgailuak behar bezala instalatu ote diren egiaztatu ahal izango da. Txitek urrunera irakurtzeko PVCzko uztai bat ere izango dute (EBD-CSIC) eta ohiko metalezko aroak (IM).

PTT-100 GPS/Solar Argos igorgailuak 45 gr-koak eta Microwave Telemetry markakoak izango dira, UHFko lurreko barne igorgailuak izango dituzte (Ground Track) eta aldi berean lurreko kanpo igorgailu bat izango dute, pilekin ibiliko dena, Biotrack Ltd., PTT Argos horiei itsasteko bereziki diseinatua. Argos seinaleak 8 orduko leiho batean igorriko dira 3 egunetik behin eta Frantziako CLS-Argosek jasoko ditu posta elektroniko bidez. GPS lokalizagailuak egunez hautemango dira, 2 ordutik behin eta ±18 m-ko zehaztapenarekin. Lurreko igorgailuaren VHF seinaleak hedapen aurreko aldi osoan etengabe emitituko du, ondorioz, txitak etengabe lokalizatu ahal izango dira VHF hargailuen eta Yagi antena direkzionalen bidez.

Aurreikusitakoak baino hegazti gehiago egonez gero, UHF-VHF transmisoreak jarriko zaizkie libre utzi aurretik.

GSM/GPS igorgailuak jarri ala ez ere aztertzen ari gara; hauek GPSaren lokalizazioak deskargatzeko telefono bidezko estaldura erabiltzen baitute, ondorioz, informazio hau lortzeko kostea txikiagoa da ohiko GPS/Argos-ekin alderatuz gero.  Kasu honetan igorgailu gehiago erabili ahal izango dira. Satelite/GPS lokalizazioko datu guztiak tratatzeko, berariazko programa bat egin beharko da CLS enpresarekin, hau arduratzen baita datuak berreskuratzeaz eta proiektuan zerikusia duen edonor sartu ahal izango da datuak kontsultatzera (Nafarroa, Madril, Balear Uharte eta Arabako bazkideak). Dena dela, GREFAren ardura izango da datu hauen jarraipen zehatza egitea eta berak emango die gainerakoei proiekturako interesgarria den gorabehera ororen berri.

Irrati-jarraipenean lortutako emaitzak banaka aztertuko dira libre utzitako hegazti bakoitzarekin eta Proiektuaren markoan sartutako gainerako txitekin batera; hori horrela eginda, Espainian Bonelli arranoaren populazioa indartzeko programaren azterketa globala egin ahal izango da eta erabilitako teknika hobetzeko ondorioak lortu ahal izango dira. Horrela datu bankua sortuko da libre utzitako hegazti gazteen hedapen mugimenduak eta kokapena ezagutzeko eta markatutako hegazti ugaltzaileena ere jakiteko. Uhartean libre utzitako hegazti guztien mugimenduen informazioa bildu, baloratu eta laburtuko da; banako bakoitzaren mapa egingo da sehi hilabetean behin eta bazkide guztien esku jarriko da.

PTT-eguzki igorleek gutxienez 3 urteko iraupena dutenez aurreikusita, aurre helduaroko gazteen biziraupen tasak ere ezarri ahal izango dira, gazteen hedapen eremuko espazioaren erabilera (“sedimentazio eremuak”), aurre helduaroan finkatzeko egindako saioak eta balizko itzulera filopatriko saioak.

Satelite bidezko jarraipenaz gain, espeziaren landa jarraipen handia egingo da. Baina kasu honetan ez da hegal markak erabiltzea egokitzat jo, proiektuan horrelakorik behar ez delako.

Mallorcan libre utzitako hegaztien elikadurari buruzko datuak ere bilduko dituzte proiektuko landa langileek (egagropilak lo egiteko tokietan, harrapakin hondarrak ohiko egonlekuetan eta harrapaketak zuzenean ikusi).


 

Jarduera hau beharrezkoa izatearen arrazoiak:

IUCNen arabera, Bonelli arranoaren kontserbaziorako garrantzitsutzat hartzen den ikerketa lerroetako bat gazteen hedapena gehiago ezagutzea da. Sartutako hegaztiak monitorizatuta, zein eremutan hedatzen diren hobeto jakingo dugu, baita zer habitat aukeratzen dituzten, beste populazioekin zer harreman duten eta helduaro aurreko hilkortasun tasak zein diren ere; era berean, filopatria maila egiaztatu ahal izango dugu edo hedapen aldian eta helduaroan jaio zireneko lurraldeak zenbateko erakarpena duen ere bai.

Era berean, Mallorcan sartutako populazioaren jarraipenari esker, uhartea izateak nola baldintzatzen duen ikusiko dugu eta hau oso interesgarria izan daiteke espezie hau duten edo izan duten beste europar uharteentzat.

Hori guztia dela eta, hau da proiektuko jarduerarik garrantzitsuenetakoa, aurreko proiektuekin alderatuz gero aldea nabarmena baita eta aurrera pausua eman da. Jarraipen hau funtsezkoa da proiektuaren arrakasta maila egiaztatzeko, hazi ziren tokietara itzultzen badira, hor ezarriko bailirateke habiak ugalketa garaian.

Share

lifebonelli newsletter eus

Photo News