Lankidetzarako eta parte hartzeko lerroak irekitzeko elkarrizketak

 Aguila de Bonelli marcada con transmisor GPS y marcas alares

 

Jarduera honen xedea erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzarako eta parte hartzeko lerroak irekitzea da, proiektu hau egin dadin eta amaitu ondoren ere jarrai dezan.

Zehatz esateko, hartzaile nagusiekin izango dira elkarrizketak:

  • Udalak: Galipentzu, Etxauri, Irunberri, Pollensa, Sóller, Andratx, Valldemossa, Esporles,
  • Puigpunyent, Artà, Robledo de Chavela, Valdemaqueda, El Escorial, Navas del Rey
  • Ehiza barrutiak kudeatzen dituzten ehiza elkarteak.
  • Ehiza barrutietako ehiza teknikariak.
  • Eremuko abeltzain estentsiboak (Nafarroa).
  • Ereingo diren partzelak alokatuta dituzten nekazariak (Nafarroan).
  • Ingurumen eragileak.
  • SEPRONA
  • Ingurumen Saileko basoetako eragileak.
  • Sare elektrikoen konpainiak (ENDESA, IBERDROLA, REE...)
  • Naturalista erakundeak eta lurraldeko nekazaritza elikadurako enpresak.

Horietako batzuei proiektua egitera goazela esan diegu. Oso harrera ona izan du, interesatuta daude eta egiteko babesa ere eskaini digute. Dena dela, eragileekin elkarrizketak izango ditugu beraien babesa areagotzeko eta lankidetzarako berariazko akordioak ere egin daitezke.

Hori dela eta, bazkide bakoitzak eskualdeko administrazio bakoitzarekin eta gainerako bazkideekin koordinazioan, zenbait harreman izango ditu hasierako faseetan zerikusia duten aldeekin: Udalekin, ehiza barrutietako ehiza teknikariekin, inguruko abeltzain estentsiboekin eta ereingo diren partzelak alokatuta dituzten abeltzainekin, ingurumen eragileekin, argindar konpainiekin eta elkarte naturalistekin.

Kasu hauetako bakoitzean harremanetarako modurik egokiena eta eraginkorrena erabiliko da:

  • Zerikusia duten udaletako arduradunekin elkarrizketa pertsonalak, proiektuaren edukia azaltzeko eta beraien lurraldean zer jarduera egingo diren adierazteko. Egoki iritziz gero, udalerri horietako biztanleentzako hitzaldiak antolatuko dira.
  • Tokiko abeltzain eta nekazariekin bilerak, espezie berria mehatxu gisa har ez dezaten.
  • Ehiza barrutietako kudeatzaileekin eta ehiztariekin hitzaldiak.
  • Eskualdeko arduradunek bilera formalak argindar enpresetako zuzendariekin, argindar zutabeak zuzentzeko aurreikusitako jarduerak aztertu eta koordinatzeko; litekeena da hitzarmen zehatzak sinatzea azkenean.
  • Landa ikustaldiak ingurumen eragileekin eta elkarte naturalistekin, espeziea eta aurreikusitako jarduerak ezagutu ditzaten, ondorengo jarraipenerako bazkide garrantzitsuak izango baitira.

Proiektua prestatzeko jarduera hauetan bilerak egingo dira zerikusia duten tokiko erakundeekin eta sailen erabiltzaile nagusiekin (abeltzainak eta ehiztariak), aukeratutako jardueren eremu zehatzak adosteko.

Era berean, “Abeltzaintza tradizionaleko praktikak mantentzeko” aurreikusi diren lanak garatu ahal izateko, lankidetza estuan arituko gara abeltzainekin eta zerikusia duten tokiko erakundeekin, tokiko larreen plan egokia egiteko lankidetza ezinbestekoa baita. Hori dela eta, sasiak kendu eta garbiguneak egin ondoren abeltzaintzako kudeaketa egokiari esker espezie harrapakinen habitatak ondo jarrai dezan erabaki da jarduera hau. Mantentze lana egiteko ezinbestekoa da abeltzainek larreen planeko helburuak eta ekintzak idazterakoan parte hartzea eta onartzea.

Tokiko erakundeekin adostu beharko da, halaber, zein partzela komunaletan ereingo diren eper gorriaren (Bonelli arranoaren espezie harrapakina) habitata hobetzeko lekadunak, Bonelli arranoak behar adinako elikagaia iturria izan dezan eper gorriaren populazioaren bolumena mantendu beharra baitago.

Partzela hauek Udaletako komunaletan jarriko dira eta dagokionean akordioak lortu beharko dira sail horiek alokatuta dituzten nekazariekin.

Tokiko erakundeei eta ehizako teknikariei populazioa indartzeko eta espeziaren jarraipena egiteko egingo diren jarduera guztien berri emango zaie, Nafarroan Bonelli arranoa ugaltzeko planak adierazten duen legez (15/1996 Foru Dekretua).

Ehiztari, abeltzain eta nekazariekin etengabeko harremana izango da eta proiektuan parte hartuko dute, oso garrantzitsuak baitira proiektu honetan aurreikusitako xedeak lortzeko.

Bestalde, enpresa pribatuak eta erakunde publikoak ere arituko dira (energia enpresak, banketxeak, enpresa publikoak, administrazioak, etab.) proiektua garatu aurretik eta ondoren, proiektuari funtsak edota materiala eman ahal izateko.

Prestakuntzako jarduera hauek proiektuko lehenengo hilabeteetan garatuko dira. Dena dela, erakunde horiekin harremanetan egongo gara proiektuak irauten duen bitartean, egoki garatu dadin. Horretarako, interesa duen eragile bakoitzarekin bilerak egingo dira. Harreman hauei esker, proiektua hedatu egingo da, bere eragina handiagoa izango da eta bai proiektua bai emaitzak jende gehiagok ikusi ahal izango ditu.


 

Jarduera hau beharrezkoa izatearen arrazoiak:

Proiektuari babes publikoa ematea eta, oro har, hegazti harraparien kontserbazioari iritzi liderrek babesa ematea oso garrantzitsua da, jendeak aldeko jarrera izan ahal izateko. Eta funtsezkoa da proiektua amaitu ondoren ere emaitzek jarraipena izateko.

Era berean, harremanetan jarriko garen erakunde horietako batzuek eragina izan dezakete espeziean oztoporik eta hilkortasunik handiena eragiten duten zergatirik nagusienetan. Beraz, funtsezkoa da horiek proiektua eta, oro har, espeziea berreskuratzeko lanak babestea.

Espezie harrapakinen populazioak hobetzeko diseinatutako ekintzek arrakasta izan dezaten, tokiko ehiza kudeaketan zerikusia duten erakundeen babesa ere behar da, bai ehiza barrutien jabeena, bai horiek kudeatzen dituzten elkarteena. Ezinbestekoa da ehizako teknikarien eta ehizaren kudeaketan eskumenak dituen administrazioaren parte hartzea ere, ekintza hauek adosteko eta zerikusia duten ehiza barrutien Ehiza Antolamenduko Planen barruan sartu ahal izateko, horietan nahitaez sartu behar baitira habitatak hobetzeko neurriak (17/2005 Foru Legea).

Bestalde, finantzazio iturri osagarria izan daiteke edo ekarpen profesionala edo materialen ekarpena egin daiteke eta horrek proiektuaren garapena hobetuko luke.

 

Share

lifebonelli newsletter eus

Photo News